bertsio eskuragarria bienvenido | ongi etorri | benvingut | benvido
EROSKIK 125 plastiko-poltsa aurrezteko moduko poltsa berrerabilgarria eskainiko du bere 115 hipermerkatuetan
Neurri honen bidez, plastiko-hondakinak murriztu eta ingurumena zaintzen lagundu nahi du

2009(e)ko ekainak 4

EROSKIk, ingurumenaren aldeko ahaleginari eutsiz, 125 plastiko-poltsaren erabilera galerazteko moduko poltsa berrerabilgarria jarriko du salgai bere 115 hipermerkatuetan. Poltsa hau %100 birziklatutako material plastikoaz eginda dago. Erabilera bakoitzean, ohiko 2,5 plastiko-poltsaren erabilera ekidin ahal izango du, eta 50 aldiz erabiltzeko diseinatuta dago. Poltsak 0,50€ balio izango du, eta erabili ezinik dagoenean, bezeroek doan trukatu ahal izango dute hipermerkatuan bertan. EROSKIk IHOBE eta WWW Espainaren laguntza izan du kanpaina honetarako.

Horrela, INGURUMENAREN NAZIOARTEKO EGUNEAN —ekainak 5— hasita, bezeroek poltsa hauek erosi ahal izango dituzte EROSKIko hipermerkatu guztietan, kontsumitzaileek plastikoaren erabilera murriztearen alde egindako eskaerari erantzunez. EROSKIk KONTSUMITZAILEEN FOKOAK deritzen partaidetza-tresnak ditu, eta horietaz baliatuta, kontsumitzaileek eztabaidatu, ondorioak atera eta EROSKIko merkataritza-jardueran txertatzeko moduko gomendioak zehazten dituzte era eraginkor batean.

Iaz, banaketa-kooperatibak proba pilotua abiarazi zuen, eta horretan oinarrituta ondorioztatu zen, hamabi hilabetetan, 86.967.600 plastiko-poltsaren erabilera ekidin litekeela hipermerkatu-sare osoan. Bizkaian, esaterako, 8.220.000 poltsa aurreztu ahal izango lirateke.

Honelaxe azaldu du EROSKIko Gizarte Erantzukizuneko Zuzendari Alejandro Martínez Berriotxoak: “EROSKIn bezeroek erabilera bakarreko poltsak erabiltzeari uztea lortu nahi dugu, eta horrexetarako planteatu diegu alternatiba hau. Kontsumitzaileek ekintzabide hau eskatu digute FOKOetan, eta laster batean, abian jarriko dugu hipermerkatu-sarean”.

EROSKIk ingurumen alorreko proiektuetarako erabiliko du erabili gabeko ohiko plastiko-poltsetatik aurrezten duen dirua. Ingurumen alorreko aditu-talde batek egingo du proiektuen aldez aurreko aukeraketa urterik urte. EROSKI eta WWW Espainako teknikariek osatuko dute talde hori, baina proiektu garailea Bazkide Kontsumitzaileek hautatuko dute. Toledoko baso bat berritzea izango da 2009an finantzatuko den lehenengo proiektua.



AURREKARIAK

EROSKIk 1991n abiarazi zuen poltsa berrerabilgarriak ezagutarazteko lehenengo kanpaina. Iaz arte, noizean behin antolatutako sentsibilizazio kanpainak ziren. Kontsumitzaileen eskaeraren haritik, ordea, banaketa-kooperatibak kanpaina hau enpresa-jarduerako konstante bihurtzea erabaki du, ohiko plastiko-poltsen erabilera murrizteko asmoz, poltsa berrerabilgarria bezalako alternatiben mesedetan.

Plastiko-poltsen fabrikazioan petrolioa, gas naturala eta industria petrokimikoko beste deribatu batzuk erabili ohi dira. Poltsa bakoitzak lau gramo CO2 inguru isurtzen ditu fabrikazioan, eta ondorioz, Espainian banatzen diren poltsa guztien artean, 441.000 tona isurtzen dira.



WWF Espainari buruz

WWW Espaina naturaren zaintzan diharduten munduko erakunde independenterik handi eta eraginkorrenetakoa da. Planetako ingurumenaren degradazioa geldiaraztea du helburu, gizakiak naturarekiko harmonian biziko den etorkizuna eraikitzeko bidean, aniztasun biologikoa zainduz, natur-baliabide berriztagarrien erabilera iraunkorra segurtatuz eta neurriz kanpoko kutsadura eta kontsumoaren murrizketa sustatuz. Proiektu honetarako, EROSKIk WWW Espaina izango du bazkide estrategikotzat merkataritza-sare osoan. Aldi berean, WWW Espaina arduratuko da ohiko plastiko-poltsetatik aurreztutako diruaz finantzatuko den lehen ingurumen-proiektua aurrera ateratzeaz.



IHOBEri buruz

IHOBE, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolaketa, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren menpeko sozietate publikoa da, karbono-arrastoa (CO2 emisioak) neurtzea errazten duen ebaluazio tresna garatu duena. Eroskik erreferentziatzat hartuko du tresna hori etorkizunean bere merkataritza-erreferentziak ekodiseinatzeko, ingurumenarekin errespetuzkoagoak izan daitezen. EROSKIko plastiko-poltsen neurketa da tresna horrekin egingo den lehenengoa.


EROSKIri buruz
EROSKIk negozio-eraginkortasuna eta Garapen Iraunkorra bateragarriak egitearen alde lan egiten du, eta horretarako, bere produktu, zerbitzu eta jarduerak iraunkortasun-irizpideen arabera lantzen ditu kudeaketako alderdi guztietan, helburuko kolektiboa eta sorkuntzako kolektiboa barne hartuta, baina garapen-ingurua ere. EROSKIk kontsumitzaileen osasun eta segurtasunaren defentsa txertatzen du ohiko kudeaketan, produktu osasuntsu, osasungarri eta seguruez osatutako eskaintza baten bitartez eta informazio argia, erabilgarria eta osoa eskainiz.
Ingurumena azalera joan Inprimatu Beste pertsona bati bidali
Informazio gehiago Ingurumenari buruz
Itzali gastua, piztu aurrezkia

Boluntarioek natur parkeak zaindu dituzte

'Birziklatzen ikasi' kanpaina Valentziako 133 herritan izan da

Ingurumen Boluntariotzaren 2008ko lehenengo hitzordua

Informazio guztia Ingurumenari buruz

testuaren neurria: a a a
info@fundacioneroski.es © EROSKI FUNDAZIOA|Lege oharra